Musika urbanoaren adierazgarri garrantzitsuenak bilduko dira jaialdiaren hurrengo edizioan: Dellafuente, Don Patricio, Los Chikos del Maíz, Guitarricadelafuente, Hakima Flissi, Dupla, Huntza…

Aurten, kanpatzeko gunea ere egongo da jaialdian, kontzertuen eremutik 10 minutura dagoen berdegune batean

Jaialdi urbanoetan erreferentzia dela argi eta garbi geratu da aurtengo edizioan, 18.000 ikus-entzulerekin; horrela, bada, Donostia Festibalak hurrengo urteko edizioko artisten zerrenda aurreratu du, eta izar nagusien artean honako izen hauek aurkeztu dituzte: Dellafuente, Estatuko eszena urbanoko izen nagusietako bat; Don Patricio, urteko ezusteko atsegina; Los Chikos del Maíz, rap politikoko talderik enblematikoenetako bat; edo Guitarricadelafuente, Youtubetik kontzertu-aretoak lepo betetzera igaro den fenomenoa. Donostia Festibala 2020ko irailaren 18an eta 19an izango da, Donostiako Hipodromoan berriro ere; musika urbano onena eskainiko digu, ikasturtea jaialdi-plan ezin hobearekin hasteko. Aurtengo berrikuntza kanpalekua izango da, eremutik hamar minutura dagoen berdegune batean, zerbitzu guztiekin. Horretaz gain, eta aurreko edizioak izandako arrakasta ikusita, une honetatik has daiteke erreserba egiten antolatutako bidaia ofizialetan, hainbat herritatik zuzenean hipodromoko ateraino iristeko. Lehenengo bonuak salgai daude jada, prezio berezian: 38 €, azaroaren 18ra bitarte.

Donostia Hipodromoa gaur egungo musikako izen handiekin betetzen hasi da; besteak beste, Dellafuente nabarmentzen da, musika urbanoan ezinbesteko bihurtu den figura; eta musika urbanoari flamenkoaren, traparen edo soinu latinoenen bere interpretazio pertsonalak gehitzen dizkio. Ezustekoz betetako kutxa baten pareko den artista honek ez du zalantzarik izan askotariko artistekin kolaborazioak egiteko garaian, hala nola C. Tangana, Mala Rodríguez edo Novedades Carminha taldeekin, eta zurrumurruek diote gauza berriren bat prestatzen hasia dela, misterio-kutsu batez inguratuta, betiko moduan.

Don Patricio Euskadin ikusteko lehen aukera izango da jaialdikoa. Locoplaya taldearekin (Bejo eta Ugerekin osatzen duen hirukoa da, eta 2012ko Goya sarietan abesti onenaren sarirako hautagai izan ziren) etapa oso aktiboa igaro ostean, aurten lortu du Patricio Martín kanariarrak Spotify-ko Top 50 orokorreko lehenengo postura iristea, ‘Contando Lunares’ arrakastari esker.

Abesti hori bakarkako lehen lanean dago, ’La dura vida del joven rapero’ diskoan, eta gaur egungo gazteen gaiak lantzen ditu; bere diskurtsoan, freskotasunez eta zorroztasunez betetako adarjotze hip-hoperoak aurki ditzakegu, baina baita reggaeton lasaiena ere.

Los Chikos del Maíz bueltan dira berriro, ‘Comanchería’ lan berriarekin; disko horretan, lagun askoren laguntza izan dute: besteak beste, Ana Tijoux edo Kase.O. Valentziarrak lotsagabe, borrokalari eta polemikoak izan dira beti; izan ere, lehen aldiz gurasoak baino baldintza okerragoetan biziko den belaunaldi galduaren bozgorailu bihurtu dira, etxebizitza duina aldarrikatu eta banku nahiz merkatuen tirania salatzen duen belaunaldi horren bozgorailu.

Guitarricadelafuente jendearentzat, oro har, ezezaguna izan da duela hilabete gutxi arte, hau da, bere abestiak Instagram eta Youtube sare sozialetara igotzen hasi zen arte; harrezkero, areto ertainak lepo betetzen ditu. Gitarra eta ahotsa lagun dituela, urte gehiago dituztenek Antonio Vegaren eta klasiko latinoamerikarren argia ikusten dute harengan; aldiz, gazteenek Z belaunaldiarentzako erreferente berria ikusten dute hogei urte inguruko aragoiar honengan.

Soul, R&B, reggae, funk eta baita afrobeat ukituak ere; estilo horiek guztiak aurki ditzakegu Hakima Flissi artistaren proposamen erakargarrian. Berezko talentu bizia duen artista bilbotar gazte hau gaur egungo musika urbanoaren figura berri garrantzitsuenetako bat izatera iritsi da.

Letra esplizituak, ukitu elektronikoak dituen pop-a eta hip-hop estetika dira Dupla bikoaren bereizgarriak; Dupla proiektua 2018. urtearen amaieran sortu zen landa-giroan, eta antzerkiaren eragin handia duen moduan mugitzen dira agertokian. Baieztatutako izen-zerrenda osatzeko, Huntza talde gipuzkoarra aipatuko dugu, euskal zirkuituko talderik errespetatuenetako bat. Bitxikeria bat: jaialdiaren eremu berean bideoklip bat grabatu zuen taldeak, hau da, Donostia Hipodromoan. Eta, noski, ezin zuten huts egin. 2020. urtean kontzertu bakarra emango dute gipuzkoarrek probintzia osoan, hain zuzen ere, Donostia Festibalean.

DONOSTIA FESTIBALA 2020
2020ko irailaren 18an eta 19an
Donostia Hipodromoa

LOS CHIKOS DEL MAÍZ
DELLAFUENTE
DON PATRICIO
DUPLA
GUITARRICADELAFUENTE
HAKIMA FLISSI
HUNTZA

Bonua: 38€ + gastuak. Eskaintza azaroaren 18ra arte
Salmenta: donostiafestibala.com

Kutxabank deskontua: Lehenengo 400 bonuek 8 €-ko deskontua izango dute, eta txartel bakoitzarekin gehienez ere bonu bat erosi ahal izango da. Erosketa egiteko unean indarrean dagoen prezioari aplikatuko zaio deskontua. Kutxabank orotarako kutxazainetan eta www.kutxabank.es webgunean eskuragarri